XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Deklarazioetan, artikuluetan, inkestetan nahiz eztabaidetan agertu diren eritzi funtsezkoenak bildu nahi ditugu hemen, sistematikoki bildu ere.

Eritzi-gurutzaketa honen lehen ardatz bikoitza, ETBren eredua litzakete: programazio-eredua eta hizkuntz eredua.

1.1. ETBren PROGRAMAZIO-EREDUA
ETBko arduradunen burutan eta hitzetan eredu hori zer-nola ulertu behar den jadanik ikusia dugu idazlan honetan bertan, ETB eredu eta definizio bila sailean.

Azpisail honetan arakatu nahi dugunak telebistaren edukinari, programazioari egiten dio kasu batez ere.

Baina ez horri bakarrik, alderdi programatikoez gain alderdi formalak ere aintzat hartzen bait dira debate honetan, nahiz eta guk azken hauei hemen jaramon gutxi egin.

1.1.1. Telebista arrunta vs telebista alternatiboa
ETBren gidariek ez dute telebista alternatiborik egin nahi izan.

Zer da, baina, telebista alternatiboa? Bestelako eredua segitzen duena.

Normalean, telebista bat alternatibotzat jotzen da, inguruko telebista arruntek eskaini ohi dutena ez bezalako produktua egiten duenean.

Besterik da telebista diferentea.

Diferentzia hori era askotakoa izan bait daiteke: estrukturala, koalitatiboa, formala, hizkuntzazkoa, etab.

Inguruan ezagutzen ditugun ereduetatik bereizgarri bi bakarrik lituzke ETBk: bata, erlatiboki, antolamendu-diseinua, Studio Hamburg delakoak proposatua (ik.Amatiño: Antolaketarako plan berriaren mamua, in: Deia, 1985.01.14); eta beste bereizgarria, erabatekoa, telebistako komunikazio-hizkuntza, euskara.

Gainerako guztian, telebista komentzional eta publiko guztien pautak segitzen ditu ETBk.

ETB, alternatiba den neurrian, hizkuntz alternatiba da.

Programazioaren eredu aldetik ez du alternatiba izan nahi, besteak bezalakoa baizik: perspektiba, edukina, muina aldatuko du, hori bai; baina ez programaketa bera.

Puntu honi buruz jadanik ikusia dugu zein den ETBren sortzaileen pentsaera.

Llabur-llabur errepikatuko dugu orain, gogora ekartzeko.